XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2.- MUGIMENDU ABERTZALEAREN HELBURU KOMUNAK

2.1.- Abertzale den edonork banaka zein talde moduan bilatzen duen helburua gure identitate kolektiboa Euskal Herri osoko autogobernu betearen hodeiertzean bizi eta garatzea da.

2.2.- Mundu abertzaleko errealitate anizkoiaren aurrean abertzale guztiok zer hauek onartu behar ditugu: autogobernua lortzeko burrukan formulazio eta estrategia ezberdinak ematea, erritmo ezberdinak aurrikustea, eta prozesua eta azken emaitza bera ere era diferentean bistaratzea.

2.3.- Errealitate anizkoi hori hala ere ez litzateke izan behar Euskadiren eraikuntza sendoki oinarritzen dituzten baldintzak garatzean eta (ekonomi, gizarte, kultur ...) helburuek erdiestean nazionalistek elkarrekin lan egiteko gai izan gaitezen oztopo.

Baina zoritxarrez azken urteetako esperientzia erakusten ari zaigu elkarrekin egin beharreko lan honek behin eta berriz egiten duela topo zailtasun gutti justifikagarriekin.

2.4.- Gure ustez, bada, gogoeta bat ireki beharra dago mugimendu abertzalea osatzen duten taldeen egoera eta jokabideei buruz.

Erakunde abertzaleek, EEAn behintzat duten hautesmaila altua eta gizarte- ezarerra garrantzitsua antzu bihurtzen dira sarri elkarren neutralizazio sistematikoaren ondorioz.

Eraginkortasun-maila urriek, akordio finkoak erdiesteko gaitasunik ezak, fruitu gabeko testimonialismoen maiztasunak gai bakoitzaren aurreko posizioa politika-ikuspegi orokorren ezberdintasunaren isladatzat hartzeko praktikak euskal bizitza politiko eta sozialean narriadura serio bat sortzen dute, aurkakotasunen orokorpen eta absolutizaziora eta adarretako eztabaidetan indarrak galtzera eramaten dute militanteria abertzaleko kideei alde eragin eta gaitz-erasten diete eta abertzale-sailetako politika motibapena eta hezkuntza bortizki narriatzen.

2.5.- Bestalde gure artean nazio askapenerako bide moduan burruka armatua praktikatzen duen erakunde bat dago.

Askapenaren helburu hori erdiesteko gaitasuna serioski inork gaurregun defendatu ezin duen burruka armatu horren iraunkortasunak eragin guztiz negatiboa du Euskadiko bizitza politiko, sozial ekonomiko eta kulturalean.

2.6.- Burruka armatuak gatazkaren absolutizazio-logika propioa ezartzera darama eta ondorioz etsaitzat hartzen du eta aurreko luebakian jartzen bere planteiamenduekin ados ez dagoen guztia bidezkotzat joz edozein bitarteko eta erabide.

Guzti honen ondorenak honako hauek dira: apurketa sakon bat dagoela mundu abertzalearen beraren baitan, eta bizitzaren eta pertsonen errespetuan tolerantzian, zintzotasunean, elkarrizketan eta lankidetasunean oinarritu beharreko elkarbizitzaren narriadura.

2.7.- Bestalde burruka armatuak abangoardia ttiki batengan jartzen du erabaki politikoaren eremua mugimenduko gainontzeko guztia estrategia horren muga-gabeko euskarriaren papera betetzera baztertuz.

Era honetan hainbat energia eta giza baliabide garrantzitsu, aitzindaritza militarretik markatutako dinamika betetzeko erabiltzen dira.

2.8.- Esan daiteke, bada, burruka armatuaren iraunkortasunak era oso negatiboan eragiten duela nazio-burrukaren osotasunean.

Gaurregun askoren artean dago, egon, kontzientzia bat uste duena ahal denik eta azkarren gainditu beharreko egoera bizi dugula amaiera berehala ipini beharrekoa.

2.9.- Testuinguru honetan, euskal erakunde politikoak eurak ere, mugimendu abertzaleko sektore batek hauen legitimotasuna bera ere eztabaidan jartzen du, gizarte-parteharmena gehituta baino konpentsatu ezin den desgaste-prozesu bati lotuta daude.

Hala ere Erakunde hauek euren erabaki eta erabideetan gizarte- errealitatetik definizioz zerbitzatu beharreko errealitate horretatik noizbehinka larregi deslotzen direlako inpresioa dago eta bitarteko erakundeak kontutan ez hartzeko joera dutela.

Jarrera honen adierazgarri bat, gaurregungo gizartean sindikatuek jokatu beharreko paperari buruz politiko batzuren diskurtsoan irristatzen diren deskalifikazioak dira, politikook gainera sustraipen demokratiko eta herritar guttiko botere faktikoen nagusiki ekonomikoen, aurrean ofiziosotasun atseginkorra adierazi ohi dutelarik.

Gizarte-erakundeekiko, eta nabarmenki sindikatuekiko urruntze arriskutsu hori parteharmena ugaltzearekin eta gure erakundeen aldeetiko legitimotasun demokratikoa gehitzeko etengabeko arduraren bidez zuzendu beharra dago.

2.10- Ekintza politikoaren helburu eta lehentasunak finkatzeko orduan ELAk, euskal hiritarrek garregun jasaten dituzten arazo ekonomiko eta sozialak jotzen ditu preminazkoentzat.

Enpleguaren etengabeko suntsidurak, belaunaldi berriek lan munduan sartzeko dituzten eragozpenak, lanbide eta bizi perspektibarik eza, gure ingurugiro hurbilenaren zati handi batek jasaten duen narriadura, txirotasun eta baztertze hazkorrak, e.a., guztion saiamen eta esfortzurik handiena eskatzen duten arazoak dira.

Gure gaurregungo nazio-errealitateak bizi dituen arazo kilikatzaileak abordatzeko politika abertzaleak dituen zirtizarta, seriotasun eta efikaziak baldintzatuko dute euskal gizartearen gehiengoa osakide sentitzen deneko herri-mota eraikitzeko proiektuaren bideragarritasuna.

3.- NAZIO KONTZIENTZIEN BIZKUNDEA

3.1.- Subiranotasunaren adierazpen politikoa beren herrietarako erreibindikatu eta kasu askotan eskuratu duten mugimendu nazionalista sendoen bizkundea Europako zenbait estatutan eman dena euskal nazionalistentzat pozkario eta itxaropen zio da eta sarri askotan abagadune historiko soilen fruitu den mugen status quo hori, berezko zerbait, iraunkorra eta mugiezina dela uste duten haientzat ere, gogoeta-elementu izan beharko luke.

3.2.- Nazio kontzientzia eta borondateak kontrako egoeratan irauteak, ideologia, sistema eta blokeen gainetik bizirik geldituz, aginkeriazko erregimenetan biziraunik eta erregimen demokratikoetan iraupena mantenduta, mende azkeneko Europa honetan dogma interesatu batzu behera botatzen dituen lehen mailako datu bezala agertzen da.

Zeren herri zanpatuek sarri jasan behar izan bait dugu, ez bakarrik Estatutuko aparailuaren kontroletik datorren gainezartze politikoa baizik eta baita nazionalismo dominatzaileen interesak eta aurreritziak estaliz balizko aurrerabide-egoeretatik sustatutako deslegitimazio etikoa ere.